ES | EU | EN
Gobierno Vasco



KABIA PROIEKTUA



1) Azken urteetako ikastetxearen ibilbidea

Hernani BHI ikastetxearen bateratze prozesua 2012-13 ikasturtean amaitu zen. 2013. urtean, 2 urteko lanaren ondorioz, Hezkuntza Proiektua onartu zuen Eskola Komunitateak. Horrek finkatu zituen ikastetxe berriaren asmoak eta definitu zuen bere izaera eta eginkizuna.

Hezkuntza Proiektua dokumentuan bertan jaso zen bezala “dokumentuak  bere  zeregina  beteko  du  baldin  eta  hurrengo  ikasturtetan  erreferentzia  puntu bihurtzen  baldin  bada…”


Bestalde, Eskola Komunitatearen asmo horiek gauzatzeko 2012-13 ikasturte bukaeran finkatu eta onartu ziren 2013-17 aldirako ildo estrategikoak. Horietan markatzen dira ikastetxe berriaren proiektua garatzeko bete beharreko zenbait egitasmo, tartean Ikastetxeko Curriculum Proiektua lantzea.


Horrekin batera, 2013-17 lau-urterako zuzendaritza talde berria osatu zen, fusio prozesua lideratu zuen zuzendaritza taldeari erreleboa emateko. Talde berriak dokumentu marko eta 2013-17 epe-aldirako estrategikoak ziren dokumentuetan oinarrituta Zuzendaritza Proiektua aurkeztu zuen eta ikastetxeko OOGk onartu zuen.


2013-14 ikasturtean eman genion hasiera 4 urteko ibilbideari. Hernani BHI-ren  erronka nagusietako bat datozen  urteetarako, Ikastetxeko Curriculum Proiektua definitzea eta gorpuztea da (ikastetxe berriaren irizpide pedagogikoen eta didaktikoen zehaztapena, metodologia aukeraketa, aniztasunaren trataera, orientazio eta tutoretza planak...). Proiektu hori adostu, onartu eta Hezkuntza Komunitateak berea egin arte, ezingo dugu behin-betikoz bateratze prozesua amaitutzat eman.


Bide horretan, 2015eko Apirilaren 8-ko boletinean argitaratu zen eraikin berriaren lanen lizitazioak, etorkizunari baikor begiratzeko bultzada eta hauspoa eman digu Hernani BHI osatzen dugun guztioi.


2) Aurrekariak

2014-15 Ikasturteko Planaren helburuak definitzeko 2013-14 IUP-aren helburuen memoriak kontutan hartu genituen eta baita, 2013ko Ebaluazio Diagnostikoaren emaitzetan oinarrituta egindako Hobekuntza Plana ere. Horietatik abiatuta “Hobekuntza saretzen” Prestakuntza Proiektua aurkeztu genuen 14-15 ikasturterako, hobekuntzarako esparruetan  modu eraginkorrean urratsak egiteko.

Bestalde,  Hobekuntza Planean jasotako hobekuntza ekintzak Ikastetxeko Plan Estrategikoan definitutako zenbait helbururekin lerrokatuta daude, hala nola:

  • Irakasleen kohesioa lortzea eta horretarako irakasleen prestakuntza bateratua eta  jarraia bideratzea.

  • Eskola porrota ekiditea eta horretarako lan metodologia berriak indartzea eta bultzatzea.

  • Irakatsi-ikaste prozesuak hobetzea ikasleriaren garapen integrala eta arrakasta sustatzeko eta horretarako oinarrizko gaitasunak  garatzea eta Ikastetxeko Curriculum Proiektua lantzea.

  • Hizkuntzen trataera eremuan, Ikastetxeko Hizkuntza Proiektua lantzea.



2014-15 Ikasturtearen lehenengo hiruhilabetean, zenbait proiektu berri martxan jarri ditugu, hala nola, lehen aipatutako “Hobekuntza saretzen” Prestakuntza Proiektua, Hezkidetza Proiektua, Hizkuntza Proiektua (eleaniztasunerantz), “Robotika eta 3D” zientzia alorrean, Partekatuz Ikasi programan ere parte hartu dugu ikastetxe tutore gisa…; beste kasu batzuetan, aurreko urteetako lanari jarraipena eman diogu (IKKI, IKT heldutasun eredua,  HNP, Eurocité, Agenda 21…); eta azkenik,  beste zenbait proiektu, Hobekuntza Planetik eta mintegi ezberdinen lankidetzatik sortu dira (irakurketa plana, 3D inprimagailua, Artexpress, Lanbide Heziketako proiektu bertikalak…). Horiek guztiak, PREE, Bidelagun, eta Dibertsifikazio Curricularra programekin batera ikastetxeko Hezkuntza  Proiektua garatzeko tresna esanguratsuak izatea nahi dugu.


Bigarren hiruhilabetean, berriz, hausnarketa prozesu batean murgildu gara. Prozesu horren abiadura azkartu duten kanpo eta barne faktoreen artean hauek izan dira esanguratsuenak:

  • Eraikin berriaren aukera: gaur egun aurrerakoiak diren planteamendu pedagogikoekin (metodologia aktiboak, lan kooperatiboa…) bateragarriak   diren  planteamendu arkitektonikoei lehentasuna eman nahi izatea.

  • Ikaste-irakaste prozesuetan, irakaslerian zentratutako estrategiak aplikatzerakoan,  ikasleen motibazioari eusteko antzeman ditugun zailtasunak.

  • Bikaintasuna lortu duen eta praktika pedagogiko eredugarriak dituen ikastetxe bat gertuagotik ezagutzeko aukera izatea.






3) Eremuen zehaztapena eta deskripzio laburra

Bigarren hiruhilabetean egindako hausnarketa prozesuak ondorio argi batera eraman gaitu: ikasleak izan behar du bere  ikaste prozesuaren protagonista  eta irakasleon rola edo papera, berriz,  prozesu horretan ikaslea gidatzea eta laguntzea izan behar du. Horrenbestez irakasleok ikasle bakoitzaren  garapen integrala bilatu behar dugu.  Dituen ezaugarriak eta adimen anitzak aintzat hartuz ikaste prozesuaren  kontrola pixkanaka bere esku utzi eta bizitza osorako ikasten jarraitzea bermatuko dizkion gaitasunak  garatzen lagundu behar diogu. Hezkuntza Proiektuan jaso genuen bezala:  


“Nolako irakasleak beharko ditugu proiektu honetan?

Ikasle   guztien   arrakasta   bilatuko   duten   irakasleak,   hau   da,   pertsona   osotasunean   hartuta

bakoitzaren    gaitasunak    garatzen    lagunduko    dutenak    (kognitiboak,    afektiboak,    sozialak, sormenezkoak...)  eta,  beraz,  aniztasunari  erantzun  ahal  izateko  metodologia,  bitarteko  eta baliabide    aproposak    erabiltzeko    prestatuak    edo    prestatzeko    borondatedunak.Familiekiko harremanak  zainduko  dituztenak,  elkarlanean  arituko  direnak,  bakoitzak  bere  esparruan  eta errespetuz.

Eguneroko  lanaren  gaineko  hausnarketaz  baliatuko  direnak,  eta  beraz,  jardueraren  etengabeko

ebaluazioan oinarrituko   direnak.

Pedagogia irizpideen   azterketa   eta   jarraipena   izango   da Ikastetxearen ardatz nagusietakoa.

Jarduera  pedagogikoan  Hezkuntza  Proiektu  honetan  aipatzen  diren  balioen  arabera  lan  egiteko

konpromisoa hartuko dutenak.

Diziplinartekotasuna eta koherentzia zaintzeaz gain, ikasleen interesa pizten saiatuko dira. Beste

irakasleekin elkarlanean arituko dira, ikastetxeak horretarako antolatuko dituen eremuetan (zikloak,

mintegiak,  koordinazio  taldeak  etab).  Eta,  era  berean,  prest  azalduko  dira  familiekiko,  inguruko

eragileekiko, enpresekiko nahiz instituzioekiko harremanetarako.

Ikastetxeak  irakasleek  beren  gaitasunak  eta  ezagutzak  garatu  eta  etengabe  eguneratu  ditzaten

bultzatuko du, eta, horretarako, irakasleen prestakuntzarako behar adineko baliabideak bermatzen ahaleginduko da…”


Horrela, ikasle bakoitzak bizitza pertsonal eta profesionalean etorkizunak ekarriko dizkion erronkei modu arduratsuan, besteekin kooperatuz eta elkarrengandik ikasiz,  aurre egingo dizkio.

Beraz, proiektu honen xede nagusia horrelako ikasleak  eta hiritarrak garatzen laguntzea izango da, hau da, ikasle autonomoak, beren ikaste prozesuaren jabe, autoebaluatzeko gai, hobekuntzara orientatuak, taldean lanean dakitenak, balio estetikoekiko sentsibleak,  eta ekintzaileak, eskolako Hezkuntza Proiektuan jasota ditugun balio eta asmoak (hezkidetza, eleaniztasuna, inklusibitatea…) bereak egingo dituztenak.

Gaitasun horiek garatzeko ikasleari protagonismoa ematen dioten metodologietan  oinarritu beharko dugu gure lana. Helburu orokor hori gauzatzeko datozen urteetan, irakasleon formakuntzan  eta eguneroko praktikan  landu behar ditugun esparru nagusien definiziotik abiatuko gara.


1. METODOLOGIA AKTIBOAK:

Metodologia horien arabera, irakaskuntzak mundu errealeko arazoen edo praktika profesionalaren testuinguruan oinarritu behar du.  “Ikasleak arazoen zailtasunari buruzko iritzia emateko gaitasunak sustatzean, testua ulertu duten hautematean, dokumentazioa ulertzeko aukerazko estrategiak noiz erabili behar diren jakitean eta ezagutzak bereganatzeko prozesuan beren eboluzioa ebaluatzen jakitean datza” (Brunning et al 1995).

Metodologia aktiboetara pasatzeko arrazoi nagusietako bat ikasleei benetan ulermen sakonagoa eskaintzeko nahia da. Kasu askotan, ikasleek azterketarako jakin behar dutena bakarrik gogoratzen dute, eta ez dute gainerako ikasturteekin loturarik ezartzea lortzen. Ikerketen arabera, ikasleek irakatsitakoaren zati txiki bat bakarrik gogoratzen dute, hitzaldi tradizionalaren formatuan (Duch et al 2001). Metodologia aktiboek hezkuntza tradizionalarekiko aukera erakargarri bat eskaintzen dute, irakasleak irakasten duen horretan sakondu beharrean, ikasleak ikasten duen horretan sakontzen dutelako. (ERAGIn programatik hartuta, EHU)


2. LAN KOOPERATIBOA:

Ikastetxeak DBHko 1. zikloan 3 IKASTURTE darama IKKI talde kooperatibo metodologia lantzen. Hala ere, talde kooperatiboan lana egiteko, estrategia ezberdin eta anitzak daude eta erabil daitezke. Ikasleak taldean lana egiten ikasi behar du, interakzio eta lankidetzarik gabe ezin dituelako  zenbait ataza eta proiektu konplexu burutu. Bestalde, ikerKetetan ikusten den moduan, besteekin lan egitea da gure ikasleek, etorkizunean,  lan munduan ondo moldatzeko izan behar duten oinarrizko trebezi bat.


3: PENTSAMENDUAREN KULTURA:

Ikasleak pentsatzen ikasi behar du eta pentsamendu kritikoa garatu. Horretarako Project Zero, Harvard Unibertsitatean garatutako egitasmo  globalaren baitan  sortutako “errutinak” eta beste tresna batzuk erabil daitezke. Errutina hauen bidez ikasleek pentsamendu trebeziak lantzen dituzte eta aldi berean laguntzen dute ikasgelan pentsamenduaren kultura bat sortzera. Ron Richart doktoreak dion bezala “Pentsamenduaren kultura bat sortuko da, banakako zein taldeko pentsamendua baloratua, ikusgarria eta taldeko esperientzien eguneroko jardueretan sustatutzen den guneetan.”

4. EBALUAZIOA:

Ikaste-irakaste prozesuaren “egiazko edo bidezko”  ebaluaketa landu behar dugu, oinarrizko eta zeharkako gaitasunak ebaluatu eta hobekuntzaren zikloan feed-back posiboa izan dezan. Ebaluazioaren aurrean, ZER (Zertarako), NOLA (errubrikak, portfolioa), NOIZ (ikaste prozesuaren zein momentutan) eta NORK (autoebaluazioa, koebaluazioa, heteroebaluazioa), definitu behar ditugu. Ebaluaketak, oro har, ezarritako helburuak lortu diren aztertu behar du.  Horretarako ezinbestekoa da ebaluatuko diren xedeak zehatzak eta argiak izatea eta, era berean, ebaluazioan parte hartuko duten guztien artean ebaluaketa-esparrua definitzea.

5. IKT:

IKTak ikuspuntu didaktiko batetik, ikaste-irakaste prozesuaren mesedetan egon behar duten tresnak eta baliabideak dira, gero eta beharrezkoagoak informazioaren eta ezagutzaren kudeaketarako. Etorkizuneko erronketarako prestatua egoteko gure ikastetxetik aterako den ikasleak gai izan beharko du bizitza osoan ikasten jarraitzeko. IKTen erabilerak ikasleen autonomia laguntzen du. Ikasleak banaka zein taldeka lan egin dezake edozein toki eta unetan. Aipatu ditugun metodologia aktibo  eta lan  kolaboratiborako ezinbesteko tresnak dira.

6. INGURU FISIKOA/ARKITEKTURA:

Azken urteetako ikerketek argi uzten dute ikastetxe bateko arkitekturak eragina duela ikaste prozesuaren kalitatean, ikasleen motibazioan eta egoera animikoan, ikasle-irakasleen arteko harremanetan, bertan sustatzen diren balioetan eta baita ikastetxeari buruz familiek eta gizarteak duten pertzepzioan. Bestalde, ikaslea protagonista izatea nahi badugu, metodologia aktiboen aldeko apostua egingo badugu, lan koperatiboa  sustatu  edota IKT-ak modu integratuan erabili gure eguneroko jardueran, horiek erraztuko dituzten espazio arkitektonikoak beharko ditugu.